Oinarrizko informazioa
- Termometroa ipini dut eta sukarra daukat, zer egin dezaket?
- Erabilera-orria: irakurri, beldurrik gabe!
- Ke txarrak STOP! (Zitisiniklina, Todacitan® edo Recigarum®)
- Kolesterol-maila ez da faktore bakarra
- Zure medikazioari buruzko kontsulta telefonikoa
- Fotosentikortasuna. Arriskua medikamentuak eta eguzkia elkartzean
- Gernu-inkontinentziarako xurgatzailea
- Ke txarrak stop! (Bupropion Zyntabac®)
- Ke txarrak stop! Barenkilina
- Printzipio aktiboa
- Botika-ontziak nola irakurri, burua hautsi barik
- Tratamendu aktiboaren orria: asmatu puzzlea osatzen!
- Botikak gordetzeko aholkuak
- Polimedikazioa
- Botikek eragindako ondorio kaltegarrien maiztasuna
- Botikek eragindako ondorio kaltegarriak: beldurrik? bai, zera!
Termometroa ipini dut eta sukarra daukat, zer egin dezaket?
Sukarra defentsa-mekanismo bat da, infekzioei aurre egiteko balio du, eta ez da beti beharrezkoa medikamentuekin tratatzea. Sukarraz gain ondoez orokorra edo mina dagoenean, erabili daitezke medikamentuak.
PARAZETAMOLA ETA IBUPROFENOA dira gomendatutako medikamentuak. Eraginkorrak eta seguruak dira, mina baretu eta sukarra jaisten dute. Ibuprofenoak, gainera, propietate antiinflamatorioak dauzka.
- Parazetamola seguruagoa da tentsio altua edo bihotzeko beste arazo batzuk dituzten pertsonentzat, digestio edo giltzurruneko arazoak dituztenentzat, antikoagulatzaileekin tratamenduan daudenentzat, ibuprofenoari alergia diotenentzat, haurdun daudenentzat… Ibuprofenoa, berriz, gibeleko arazoak dituztenentzat aproposagoa da.
- Pediatrian parazetamol eta ibuprofeno dosiak pisuaren arabera kalkulatzen dira.
- Helduentzat, gomendatutako parazetamolaren dosia 500mg-koa da, gehienez 4-6 ordurik behin, eta ibuprofenoarena 400 mg-koa, gehienez 6-8 ordurik behin.
Parazetamola eta ibuprofenoa txandakatu edo konbinatu ditzaket?
- Ez da gomendatzen. Akatsak egiteko eta kontrako efektuak izateko arriskua handitzen da. Bietako bat aukeratzea gomendatzen da.
Gainera...
- Ez da gomendatzen medikamentu hauek hartzea txertaketaren ondorioz izan daitekeen sukarra prebenitzeko.
- Antibiotiko bat hartu bitartean parazetamola edo ibuprofenoa har daiteke, mina edo ondoeza badago.
- Sukarra jaisteko ez dago gomendatuta gehiegi tapatzea edo arropa eranztea, zapi hezeak erabiltzea, alkoholarekin igurtziak egitea edota dutxak eta bainuak hartzea.
… eta oso garrantzitsua da atseden hartzea eta likido asko edatea.
Erabilera-orria: irakurri, beldurrik gabe!
Erabilera-orria medikamentuaren kutxa barruan datorren eskuorria da. Medikamentu horri buruzko oinarrizko informazioa jasotzen du, eta pazienteari zuzenduta dago. Informazio iturri fidagarria da, eta eskura izatea baliagarria da zalantzak argitu ahal izateko.
Ez da zuzena “Erabilera-orria hobe da ez irakurtzea” dioen ustea.
1TRATAMENDUAREN HASIERAN IRAKURRI.
Lagungarri izango duzu honetarako:
- Behar bezala hartzeko: zer dosi, zenbatean behin hartu behar den, zer egin ahaztuz gero, baraurik edo janariarekin hartu behar den, zatitu ahal den…
- Zein beste medikamenturekin edo janarirekin ez duzun hartu behar jakiteko.
- Zein kasutan ezin den hartu jakiteko: beste gaixotasun batzuk badituzu, alergiak…
- Gerta daitezkeen ondorio kaltegarriak identifikatzeko.
- Nola eta non gorde eta nola eta non bota jakiteko.
- Arreta neurri bereziak kontsultatzeko: erabilera haurrengan, haurdunaldi eta edoskitzaroan, gidatzerakoan, makina arriskutsuak erabiltzerakoan…
2 EZ BOTA ERABILERA-ORRIA:
gorde ezazu medikamentuaren kutxa barruan.
Horrela, zalantzarik izanez gero, kontsultatzeko aukera izango duzu. Erabilera-orriak honako webgune honetan ere eskuragarri daude, medikamentu bakoitzean P ikonoan sakatuz.
3 ZALANTZAK ARGITZEKO...
Erabilera-orria irakurrita ez bazara gai izan zure zalantzak argitzeko, galdetu zure osasun arloko profesionalari.
Zure segurtasunagatik, irakurri eta gorde ezazu erabilera-orria!
Ke txarrak STOP
Osasuna hobetu nahi duzu? Ez dago ezer hoberik erretzeari uztea baino!
Badituzu botikak horretan laguntzeko. Erretzeko grina gutxitzen dute eta abstinentzia arindu. Halere, zuk erabakia hartzea eta ahalegina egitea da garrantzitsuena. Osasun arloko profesional batek eskainiko dizkizu botika horiek, eta zure tratamenduaren jarraipena egingo du.
Zitisiniklina (Todacitan® edo Recigarum®) duzu horietako bat.
Nola hartu behar da?
Aho bidez hartzen da, baso bat urekin, taulan adierazitako jarraibidearen arabera. Tratamenduak 25 egun irauten du, eta, horretarako, medikamentuaren kutxa bat (100 konprimatu) nahiko da.
Erretzeari utzi behar diozu tratamendua hasi eta 5. egunerako, asko jota. Erretzen jarraitzeak edo nikotinadun produktuak erabiltzeak kontrako efektuak areagotu ditzake.
Erretzeari uztea lortzen ez bada, tratamendua eten egin behar da. Jende asko behin baino gehiagotan saiatzen da, lortu arte. Tratamenduari berriro ekin ahal izango zaio 2 edo 3 hilabete igaro ondoren.
Ahaztuz gero, ez bikoiztu hurrengo dosia.
Hemen aholku gehiago: Gida praktikoa tabakoa eta horrekin lotutako produktuak kontsumitzeari uzteko
Zitisiniklina (Todacitan® edo Recigarum®)
Ez hasi botika hau hartzen, baldin eta…
- osagairen bati alergia badiozu.
- bihotzeko arazoak badituzu (angina ezegonkorra, duela gutxi izandako infartua, arritmiak).
- duela gutxi istripu zerebrobaskularra izan baduzu.
- haurdun bazaude edo bularra ematen ari bazara.
- tuberkulosiaren aurkako tratamendua hartzen ari bazara.
Egoera batzuetan, zure osasun arloko profesionalak baloratuko du har dezakezun ala ez, adibidez: hipertentsioa, ateroesklerosia, ultzera gastrikoa, hipertiroidismoa, diabetesa, eskizofrenia...
Ez dago gomendatuta:
- 18 urtetik beherakoa edo 65 urtetik gorakoa bazara.
- Gibel- edo giltzurrun-gutxiegitasuna baduzu.
Tratamentuan zehar kontuan hartzeko gomendioak:
- Kontsultatu zure osasun arloko profesionalari portaera-alteraziorik, suizidio-ideiarik edo depresio-sintomarik izanez gero.
- Metodo antikontzeptibo eraginkorrak erabili ugaltzeko adinean dagoen emakumea bazara. Eta antisorgailu hormonalak erabiltzen badituzu, barrera-metodo bat gehitu beharko duzu, hala nola preserbatiboak.
Gogoratu:
Sendagai honek ondorio kaltegarriak eragin ditzake, oro har tratamenduaren hasieran agertzen direnak eta denborarekin gutxitzen direnak. Hauek dira ohikoenak:
- ondoez gastrointestinala
- aho lehorra eta dastamenaren alterazioa
- jateko gogoan aldaketak eta pisua handitzea
- zorabioak, zefaleak, nekea eta mialgia
- takikardia eta hipertentsioa
- larruazaleko erupzioa
Gainera:
Farmakoaren finantzaketaz balia zaitezke 18 urtetik gorakoa bazara, tabakismoa tratatzeko laguntza-programa baten barruan bazaude (banaka edo taldean), egunean 10 zigarro edo gehiago erretzen badituzu eta mendekotasun handia baduzu (zure osasun arloko profesionalak neurtuko du).
Beste medikamentu batzuekin bezala, dagokizun zenbatekoa ordainduko duzu. Urteko saiakera bat finantzatzen da.
Kolesterol-maila ez da faktore bakarra
Bizimodu osasungarriaren hainbat faktorek BABESTEN gaituzte gaixotasun kardiobaskularretatik:
-
Dieta mediterraneoa (lekaleak, barazkiak, oliba olioa…)
-
Jarduera fisikoa egitea eta aktibo mantentzea
-
Obesitatea saihestea
...eta beste faktore batzuek gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua HANDITZEN dute:
- Kolesterol-maila altua
- Tabakoa
- Tensio arterial altua
- Adina
- Aurretik izandako gaixotasun kardiobaskularra
- Gaixotasun kardiobaskularraren aurrekari familiarra
- Diabetesa edo giltzurrunetako gaixotasuna
Garrantzitsua da ARRISKU KARDIOBASKULARRA ERAGITEN DUTEN FAKTORE MULTZOA baloratzea eta ez soilik kolesterol-maila. Kolesterol-maila jaistea geure burua babesteko hartu dezakegun neurrietako bat da.
Aztertu zeure arrisku faktoreak osasun arloko profesionalarekin, eta kontuan hartu onurak eta arriskuak:
- Zure arrisku kardiobaskularra ez bada altua, aukera onena da bizimodu osasungarria jarraitzea.
- Zure arrisku kardiobaskularra altua baldin bada, aurrekoaz gain estatina bat gehitzea ere beharrezkoa izan daiteke.
Estatinak (atorbastatina, sinbastatina, rosubastatina…):
- Kolesterol-maila jaisten duten medikamentuak dira.
- Eraginkorrak dira gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeko (batez ere bihotzekoa, iktusa... izan dutenen kasuan edo hauek izateko arrisku altua dutenen kasuan).
- Izan ditzaketen albo-ondorioak normalean arinak izaten dira: mina, makalaldi muskularra eta digestio arazoak. Kasu gutxi batzuetan diabetesa, kalte hepatikoa edo oroimen galera eragin dezakete.
Gogoratu: BIZIMODU OSASUNGARRIA JARRAITZEA DA GAIXOTASUN KARDIOBASKULARRAK PREBENITZEKO AUKERARIK ONENA
Zure medikazioari buruzko kontsulta telefonikoa
Zure tratamenduarekin lotutako arazo edo zalantzarik?
- Zertarako da? Nola hartu? Zer ordutan? Noiz arte? Zer kontrako efektu edo interakzio eduki ditzaket? Zer egin dosi bat hartzea ahaztuz gero?
Azkenengo kontsultan medikamenturen bat gehitu edo kendu al didate? - Zergatik ezin ditut medikamentuak eskuratu farmazian?
Nola argitu?
- Zure Tratamendu aktiboaren orria kontsultatu . Orria beti eguneratuta eduki. Medikuaren kontsultan, zure osasun zentroko harreran edo farmazian eska dezakezu. Zure Osasun Karpeta-n ere eskuragarri daukazu.
- Zure zalantzak farmazian edo Osakidetzako Osasun Aholkua-n galdetu. Ez baduzu arazoa argitzerik izan, eskatu hitzordu telefoniko bat zure osasun zentroan.
Azaldu argi eta garbi zure deiaren zergatia.
- Egin nahi dituzun galderak idatzita eduki eta garrantzitsuenetik hasi.
- Eskura izan tratamendu aktiboaren orria eta hartzen ari zaren medikamentuak.
- Prestatu beharrezkoak izan ditzakezun gauzak: papera, boligrafoa, betaurrekoak…
- Hitz egin ahal izateko aukeratu ongi argiztatutako leku pribatu eta isila.
- Telefonoz hitz egiteko zailtasunak badituzu, eska iezaiozu baten bati laguntzeko.
Ziurtatu zure zalantza guztiak argitu dituzula.
Beharrezkoa denean kontsultara joateko eskatuko zaizu.
Fotosentikortasuna. Arriskua medikamentuak eta eguzkia elkartzean
Zer da fotosentikortasuna
Eguzki izpiek edo erradiazio ultramoreek eragin dezaketen larruazaleko gehiegizko erreakzioa da. Azkura, larruazaleko hantura edota erredura larriak eragin ditzake.
Nahiz eta zure larruazala ez izan eguzkitan erraz erretzekoa, zenbait medikamentuk (aho bidez hartuta edo larruazalean aplikatuta) kalteak sortu ahal dizkizute larruazalean, baita minutu gutxi batzuk eguzkitan egonda ere. Fotosentikortasuna errezeta gabe erosten diren medikamentuek ere eragin dezakete, baita hainbat kosmetikok eta landarek ere.
Medikamentu hauekin adibidez askotan gertatzen da:
-
Antibiotikoak: lebofloxazinoa, ziprofloxazinoa, norfloxazinoa, doxiziklina…
-
Farmako kardiobaskularrak: hidroklorotiazida, furosemida, amiodarona…
-
AIEE: naproxenoa, ketoprofenoa, meloxikama…
-
Aknearen aurkako farmakoak: isotretinoina, benzoil peroxidoa…
-
Kimioterapikoak: fluorouraziloa, metotrexatoa…
-
Antifungikoak: itrakonazola…
-
Antiepileptikoak: karbamazepina…
-
Antihistaminiko topikoak: difenhidramina, dimetindenoa...
-
Antipsikotikoak, antidepresiboak eta antsiolitikoak: haloperidola, paroxetina, alprazolama…
Informa zaitez zure medikamentuaren erabilera-orria irakurrita, galdetu zure farmazian edo osasun-zentroan. Babestu zaitez, prebentzioa funtsezkoa da.
Nola babestu fotosentikortasuna eragin dezakeen medikamentu bat erabiltzen baduzu?
- Ez zaitez eguzkitan edo izpi ultramoreen eraginpean jarri, ez tratamenduak irauten duen bitartean ezta ondorengo egunetan ere.
- Larruazala estali ezazu arropa, betaurreko eta txapelarekin.
- Babes-faktore altuko (gomendatua: 50 EBF) eguzkitarako krema erabili eta berriz aplikatu 2-3 orduro.
- Medikamentua egunean behin hartu behar baduzu, galdetu medikuari ea posible den gauez hartzea.
Zer egin fotosentikortasuna azaltzen bada?
- Eguzkia saihestu eta ez hartu izpi ultramorerik.
- Medikuari galdetu ea posible den tratamendua etetea edo dosia murriztea.
- Zapi heze hotz bat eta krema hidratatzailea aplika ditzakezu lesio arinetan.
- Kasu larrietan medikuarekin kontsultatu.
Gernu-inkontinentziarako xurgatzaileak
Neurri orokorrak edo medikamentuak ez dira beti nahikoak gernu-galerak kontrolatzeko (ikus i-botika: Lehen tantak galduta, kontsultatu!!), eta baliteke xurgatzaileak erabili behar izatea.
Hainbat xurgatzaile mota daude. Garrantzitsua da zure beharretara ondoen egokitzen dena aukeratzea:
- Xurgapen-gaitasuna, inkontinentziaren larritasunaren arabera:
- Egunekoa: 600 eta 900 ml artean
- Gauekoa: 900 eta 1.200 ml artean
- Supergauekoa: 1.200 ml baino gehiago
- Eusteko modua eta mota, inkontinentzia-mailaren, mugikortasunaren eta pertsonaren egoera kognitiboaren arabera.
Askok badute hezetasun-adierazle bat, xurgatzailea noiz aldatu behar den jakinarazten duena.
Batzuk finantzatuta daude eta errezetan preskribatu daitezke, baina, gehienez, eguneko lau, beti (hiru "eguneko/gaueko" eta "supergaueko" bat).
- Konpresak
- Inkontinentzia arina, egoera kognitibo eta mugikortasun- egoera ona dituzten pertsonak.
- Errektangularra
- Neurri bakarra. Eusteko sare elastikoarekin.
- Egoera kognitibo eta mugikortasun- egoera ona dituzten pertsonak.
- Egunekoa eta Supergauekoa.
- Pants
- Azpiko arropa bezala jartzen den galtzazapia.
- Mugikortasun-egoera ona duten pertsonak. Xurgatzailea kentzeko joera duten pertsonak, adibidez, dementzian.
- Egunekoa, Gauekoa eta Supergauekoa.
- Elastikoak
- Itsasgarriekin lotzeko.
- Mendekotasuna duten pertsonak. Ohean edo gurpil-aulkian dauden pertsonak. Gaueko erabilera pertsona autonomoetan.
- Egunekoa, Gauekoa eta Supergauekoa.
- Anatomikoak
- Sare elastikoarekin edo eusteko gerrikoarekin.
- Egoera kognitibo eta mugikortasun ona edo murriztuta duten pertsonak.
- Egunekoa, Gauekoa eta Supergauekoa.
Ke txarrak stop! (Bupropion Zyntabac®)
Osasuna hobetu nahi? Utzi erretzeari; ez dago ezer hoberik
Badituzu botikak horretan laguntzeko. Erretzeko grina gutxitzen dute eta abstinentzia arindu. Halere, zuk erabakia hartzea eta ahalegina egitea da garrantzitsuena. Osasuneko profesional batek eskainiko dizkizu botika horiek, eta zure tratamenduaren jarraipena egingo du.
Bupropion (Zyntabac®) duzu horietako bat.
Nola hartu behar da?
-
Erretzeari uzteko jarritako eguna baino astebete edo bi aste lehenago hasi behar duzu hartzen.
-
Pilulak osorik hartu behar dituzu, hutsik edo jakiren batekin batera. Aurreneko sei egunetan, egunean bat, eta zazpigarren egunetik aurrera, egunean bitan (gutxienez 8 orduko tartea utzi batetik bestera). Saiatu ez hartzen lotaratzeko garaian, insomniorik eragin ez diezazun.
-
Dosiren bat ahaztu baduzu, utzi hartu gabe, eta hartu hurrengoa, betiko orduan. Ez bikoiztu dosia, ahaztu duzuna konpentsatu nahian.
Tratamendua 7-9 astekoa izango da. Hilero aginduko dizute botika, kaxa bat aldiro, eta tratamendu jarraipena egingo zaizu.
Zure osasun-profesionalak ebaluatuko du ea medikamentu hau har dezakezun, baldin eta…
- 18 urtetik beherakoa bazara, haurdun edo edoskitzaroan bazaude, epileptikoa bazara edo konbultsioak izan badituzu, giltzurruneko arazoak edo arazo kardiobaskularrak badituzu, edo arazo psikiatrikoen aurrekariak.
Utzi hartzeari eta osasun-profesionalari galdetu, baldin eta...
-
Krisi epileptikoak hasi bazaizkizu, infartuaren edo iktusaren sintomak badituzu, asaldatuta bazabiltza, zure buruaz beste egiteko gogoa etorri bazaizu edo depresio-sintomak badituzu, aurpegia, mingaina eta ezpainak handitu bazaizkizu edo azalean erupzioak badituzu.
Baliteke dosia egokitu beharra izatea, baldin eta…
-
Goragalea, buruko mina, nasofaringitisa baduzu, edo loa aztoratu bazaizu edo bestelako sintomaren agertu bazaizu. Kontsultatu.
Gogoan izan...
-
Baliteke botika honek zorabioak eta logura sortzea, eta gidatzeko edo makineria konplexua maneiatzeko moduan ez egotea. Garrantzitsua duzu osasuneko profesionalari jakinaraztea baldin eta beste tratamenduren bat ere hartzen ari bazara, baita elikadurako osagarriak edo sendabelarrak badira ere.
Gainera… baliteke botika finantzatzeko aukera izatea, 18 urtetik gorakoa bazara eta…
-
Tabakismoaren kontrako edo tabakoarekiko ohitura eteteko programa batean bazaude (bakarrik edo talderen batean). Egunean 10 zigarro baino gehiago erretzen baduzu. Mendekotasun maila jakin bat baduzu (osasun-profesionalak neurtuko dizu hori). Beste botiken kasuan bezalaxe, dagokizuna ordaindu beharko duzu. Urtean ahalegin bat finantzatzen da.
Ke txarrak stop! Barenkilina
Osasuna hobetu nahi? Utzi erretzeari; ez dago ezer hoberik
Badituzu botikak horretan laguntzeko. Erretzeko grina gutxitzen dute eta abstinentzia arindu. Halere, zuk erabakia hartzea eta ahalegina egitea da garrantzitsuena. Osasuneko profesional batek eskainiko dizkizu botika horiek, eta zure tratamenduaren jarraipena egingo du.
Barenkilina duzu horietako bat.
Nola hartu behar da?
- Erretzeari uzteko jarritako eguna baino astebete edo bi aste lehenago hasi behar duzu hartzen.
- Pilulak osorik hartu behar dira, uraz bultzatuta eta estomagoa beterik duzula.
- Dosiren bat ahaztu bazaizu, hartu ahal bezain azkar, beti ere hurrengo dosia hartzeko 4 ordu baino gehiago falta badira. Ez bikoiztu dosia, ahaztu duzuna konpentsatu nahian.
- Pilulak zuriak 0,5 mg-koak dira eta pilula urdinak 1 mg-koak.
Tratamendua 12 astekoa izango da. Hilero aginduko dizute botika, kaxa bat aldiro eta tratamendu jarraipena egingo zaizu.
Zure osasun-profesionalak ebaluatuko du ea medikamentu hau har dezakezun, baldin eta…
- 18 urtetik beherakoa bazara, haurdun edo edoskitzaroan bazaude, epileptikoa bazara edo konbultsioak izan badituzu, giltzurruneko arazoak edo arazo kardiobaskularrak badituzu, edo arazo psikiatrikoen aurrekariak.
Utzi hartzeari eta osasun-profesionalari galdetu, baldin eta...
-
Krisi epileptikoak hasi bazaizkizu, infartuaren edo iktusaren sintomak badituzu, asaldatuta bazabiltza, zure buruaz beste egiteko gogoa etorri bazaizu edo depresio-sintomak badituzu, aurpegia, mingaina eta ezpainak handitu bazaizkizu edo azalean erupzioak badituzu.
Baliteke dosia egokitu beharra izatea, baldin eta…
-
Goragalea, buruko mina, nasofaringitisa baduzu, edo loa aztoratu bazaizu edo bestelako sintomaren agertu bazaizu. Kontsultatu.
Gogoan izan...
-
Baliteke botika honek zorabioak eta logura sortzea, eta gidatzeko edo makineria konplexua maneiatzeko moduan ez egotea. Garrantzitsua duzu osasuneko profesionalari jakinaraztea baldin eta beste tratamenduren bat ere hartzen ari bazara, baita elikadurako osagarriak edo sendabelarrak badira ere.
Gainera… baliteke botika finantzatzeko aukera izatea, 18 urtetik gorakoa bazara eta…
-
Tabakismoaren kontrako edo tabakoarekiko ohitura eteteko programa batean bazaude (bakarrik edo talderen batean). Egunean 10 zigarro baino gehiago erretzen baduzu. Mendekotasun maila jakin bat baduzu (osasun-profesionalak neurtuko dizu hori). Beste botiken kasuan bezalaxe, dagokizuna ordaindu beharko duzu. Urtean ahalegin bat finantzatzen da.
Bada garaia medikamentuei beren izenetik deitzen hastekoa...
... Alegia, printzipio aktiboaren izena erabiltzen hastekoa
Printzipio aktiboa da medikamentuaren efektua eragiten duen substantzia. Laborategi bakoitzak medikamentua edozein izenekin merkaturatzen duela ere, printzipio aktiboaren izena da balio duena eta, ondorioz, horixe erabiltzen dute osasun-arloko profesionalek.
Jarri arreta printzipio aktuboan!
Printzipio aktiboaren izena BETI agertzen da kaxan. Hori da bilatu eta ezagutu behar duzuna. Badira printzipio aktibo bat baino gehiago duten medikamentuak; baina hala bada ere, guztiak ageriko dira kaxan.
GOGORATU: ez du axola kaxek edo pastillek zer kolore, tamaina edo forma duten. Izen komertzial desberdina duten bi medikamentuk eragin bera izango dute, printzipio aktibo bera eta dosi bera badute.
Hori da ez okertzeko modurik onena
- Printzipio aktiboa identifikatzen baduzu, ez dituzu antzeko izenak edo ontziak nahastuko edo printzipio aktibo bera nahi gabe bi aldiz hartuko, izen komertzial desberdina duelako. Hori gerta daiteke, hainbat profesionalek tratatzen zaituztenean, ospitalean alta hartu ondoren, errezetarik behar ez duten medikamentuak erosten dituzunean…
- Printzipio aktiboaren izena atzerrian ere baliagarria izango zaizu, izen hori berdina baita herrialde guztietan.
Medikamentu berri bat hartzen duzunean, egiaztatu printzipio aktiboaren izena.
Zalantzaren bat baduzu, egin kontsulta zure osasun-zentroan edo farmazian edo irakurri erabilera-orria.
Klikatu hemen bideoa ikusteko
Botika-ontziak nola irakurri, burua hautsi barik
- Botika-ontzi bat ez da kaxa soil bat.
- Funtsezko informazioa ematen du, eta botika egoki erabiltzen laguntzen du.
- Fitxa honek informazio hori topatzen eta argitzen lagunduko dizu.
Tratamenduei buruzko herritarrentzako informazioaren fitxak
"TRATAMENDU AKTIBOAREN ORRIA" ... ASMATU PUZZLEA OSATZEN!
Tratamendu aktiboari buruzko zure orria “txuleta” moduko bat da, eta zer tratamendu jarri dizuten gogorarazteko eta azaltzeko balio du:
- Osakidetzan agindu dizkizuten botikak: osasun zentroan, ospitalean eta abar.
- Noiz hartu medikamentuak.
- Zenbat hartu.
- Jarraibideak tratamenduaren azpian agertzen dira.
- Letra lodiz agertzen dena izen komertziala da.
- Tratamendua berritzeko eguna: medikuak egun horretan berrituko dizu tratamendua.
- Tratamendua bukatzeko eguna: egun horretan, bertan behera utzi behar dituzu aldi laburrerako agindu dizkizuten tratamenduak.
- Data: zein egunetan inprimatu den orria. Orria eguneratuta dagoen jakiten lagunduko dizu. Azkena gorde; besteak bota.
- Botika asko hartzen baldin badituzu, begiratu ondo orri guztiak dauzkazula.
- Sakatu hemen gai honi buruzko bideo bat ikusi nahi baduzu.
Botikak gordetzeko aholkuak
Erabili aurretik
- Gorde botikak leku lehor eta freskoan, eta haurren eskura utzi gabe. Ez jarri eguzki-argitan ezta bero zuzenaren eraginpean.
- Ez gorde komunean edo sukaldean, hezetasun eta tenperatura aldaketak direla-eta.
- Hotzean eduki beharreko botikak (termolabilak izena dute eta izartxo batez identifikatuta daude ontzian) hozkailuan gorde; inoiz ez, ordea, izozkailuan.
- Medikamentua jatorrizko ontzian gorde, bere erabilera-orriarekin batera.
- Egiaztatu botikaren IRAUNGITZE-DATA kutxan bertan. Ageri den hilabeteko azken eguna da.
- Ez hartu botika, baldin eta itxura, kolorea edota zaporea aldatu dela iruditzen bazaizu. Eraman zeure farmaziako SIGRE bilketa-gunera (Ontziak Kudeatzeko Sistema Integratua).
Ireki ondoren
- OSO GARRANTZITSUA: idatzi kolirio, xarabe eta pomaden irekitze-data. Kutxan bertan egin dezakezu.
- Kolirioek hilabete bat irauten dute hondatu gabe.
- Zenbait xarabe (amoxizilina duena, esaterako) hartu aurretik, osatzeko azken urratsa eman behar da etxean (disoluzio estenporaneoez ari gara). Horrelakoetan, prestatu ondorengo bi asteetan kontsumitu beharra dago.
Oraindik ere zalantzaren bat baduzu, egin kontsulta zure osasun-zentroan edo farmazian, edo irakurri erabilera-orria.
Polimedikazioa: Izan kontu
Badira gaixotasun kroniko bat edo gehiago izan eta medikamentu bat baino gehiago hartu behar izaten duten pertsonak (polimedikazioa). Beharrezkoa da, sintomak eta gaixotasuna kontrolatzeko edo konplikazioak saihesteko. Baina zenbait arrisku ere baditu jardun horrek, eta kontuan hartzekoak izaten dira. Zer egin daiteke arriskuok saihesteko?
Ezagutu hartzen ari zaren medikamentuak zein diren, zertarako balio duten eta nola hartu behar diren. TRATAMENDU AKTIBOKO ORRIAK lagunduko dizu horretan; bertan jasotzen baitira hartzen ari zaren medikamentuak eta bakoitzetik hartu beharreko dosiak. Eska ezazu zure osasun-zentroan.
Medikuarenera edo dentistarenera joaten zaren bakoitzean, eman hartzen dituzun medikamentu edo egiten ari zaren tratamenduen berri (baita hartzen dituzun bitamina, sendabelar eta abarren berri).
Arreta jarri jasan ditzakezun ondorio kaltegarriei, batez ere, medikamentu edo produktu natural berri bat hartzen hasten bazara.
Argitu beti medikamentuei buruz izan ditzakezun zalantzak osasun-profesionalekin, bereziki tratamendu bat aldatu edo utzi behar duzula pentsatzen hasita bazaude.
Zure iritziak balio du. Jakinaraz iezaiozu beti zeure medikuari.
Ez dago bizitza osorako medikamenturik. Zure medikuak urteetan hartzen aritu zaren medikamentu bat uzteko esaten badizu, orain jada behar ez duzulako ustea daukalako da; are gehiago, kaltegarria ere izan daitekeelakoan egon liteke. Zure bizitzan zehar, botika bat ona izan daiteke noizbait, baina kaltegarria ere, inoiz.
Botikek eragindako ondorio kaltegarriak: beldurrik? bai, zera!
Botikek gaixotasunak sendatzen, leuntzen edo prebenitzen dituzte (onura); batzuetan, ordea, ondorio kaltegarriak ekar ditzakete (arriskua).
Ez beldurtu, eta irakurri prospektua. Botikak eragin ditzakeen ondorio kaltegarriak jakiteak lagunduko dizu behar bezala jokatzen.
Jende guztiak ez ditu izaten ondorio hauek..., eta ondorio guztiak ez dira berdinak: maiztasunaren eta larritasunaren araberakoak dira, eta, oro har:
- Maiz gertatzen direnak, arinagoak izan ohi dira.
- Larriak direnak, gutxiagotan gertatzen dira.
Handiagoa da botiken onura, sor dezaketen arriskua baino.
Susmatzen baduzu botikaren batek ondorio kaltegarriren bat eragin dizula, garrantzitsua da osasun-profesional bati komentatzea, arazoa konpontzeko. Osasun Aholkularitzan, gau eta egun artatuko zaituzte.
Ondorio kaltegarrien berri emanez gero, botikak hobeto ezagutzen laguntzen dugu, segurtasun handiagoz erabiltzeko.
Zeuk eman ahal diozu ondorio kaltegarriaren berri, zuzenean, Farmakozaintzako Espainiako Sistemari (www.notificaram.es).
Azken aldaketako data: