Haurrak
- Termometroa ipini dut eta sukarra daukat, zer egin dezaket?
- Antisorgailurik erabil dezaket edoskitzaroan?
- Alabak eztula dauka! Semea eztulka ari da etengabe!
- Nola eman pomada oftalmikoak haurrei?
- Nola eman kolirioak haurrei?
- Heste-zizareak
- Antibiotikoak. Ez hartu zeure kabuz!
- Ibuprofenoa pediatrian
- Parazetamola pediatrian
Termometroa ipini dut eta sukarra daukat, zer egin dezaket?
Sukarra defentsa-mekanismo bat da, infekzioei aurre egiteko balio du, eta ez da beti beharrezkoa medikamentuekin tratatzea. Sukarraz gain ondoez orokorra edo mina dagoenean, erabili daitezke medikamentuak.
PARAZETAMOLA ETA IBUPROFENOA dira gomendatutako medikamentuak. Eraginkorrak eta seguruak dira, mina baretu eta sukarra jaisten dute. Ibuprofenoak, gainera, propietate antiinflamatorioak dauzka.
- Parazetamola seguruagoa da tentsio altua edo bihotzeko beste arazo batzuk dituzten pertsonentzat, digestio edo giltzurruneko arazoak dituztenentzat, antikoagulatzaileekin tratamenduan daudenentzat, ibuprofenoari alergia diotenentzat, haurdun daudenentzat… Ibuprofenoa, berriz, gibeleko arazoak dituztenentzat aproposagoa da.
- Pediatrian parazetamol eta ibuprofeno dosiak pisuaren arabera kalkulatzen dira.
- Helduentzat, gomendatutako parazetamolaren dosia 500mg-koa da, gehienez 4-6 ordurik behin, eta ibuprofenoarena 400 mg-koa, gehienez 6-8 ordurik behin.
Parazetamola eta ibuprofenoa txandakatu edo konbinatu ditzaket?
- Ez da gomendatzen. Akatsak egiteko eta kontrako efektuak izateko arriskua handitzen da. Bietako bat aukeratzea gomendatzen da.
Gainera...
- Ez da gomendatzen medikamentu hauek hartzea txertaketaren ondorioz izan daitekeen sukarra prebenitzeko.
- Antibiotiko bat hartu bitartean parazetamola edo ibuprofenoa har daiteke, mina edo ondoeza badago.
- Sukarra jaisteko ez dago gomendatuta gehiegi tapatzea edo arropa eranztea, zapi hezeak erabiltzea, alkoholarekin igurtziak egitea edota dutxak eta bainuak hartzea.
… eta oso garrantzitsua da atseden hartzea eta likido asko edatea.
Antisorgailurik erabil dezaket edoskitzaroan?
Antisorgailu-metodo asko dituzu eskueran edoskitzaroan erabiltzeko. Informa zaitez zein den egokiena zuretzat.
METODO EZ-HORMONALAK. Honako hauek dira:
- Barrera-metodoak: preserbatiboa eta diafragma. Kaltegabeak eta erabilerrazak dira. Gainera, preserbatiboek sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen aurka babesten dute.
- Umetoki barneko kobrezko gailua (DIU). 5 urterako balio du.
BAKARRIK GESTAGENOAK DITUZTEN METODO HORMONALAK.
Metodo hormonal bat erabiltzekotan, hauek dira egokienak. Normalean, ez da komeni erditu eta hurrengo 6 asteetan erabiltzea, edo, gutxienez, edoskitze-prozesua ondo finkatu arte:
- Desogestrel duten pilulak: pilula egunero eta ordu berean hartu behar da, etenik gabe.
- Larruazalpeko inplantea. 3 urterako balio du.
- DIU hormonala. 3 edo 5 urterako balio du.
- Muskulu barneko injekzioa, hiru hilean behin.
URGENTZIAZKO ANTISORGAILUA
“biharamuneko pilula” izenekoa
- Levonorgestrel: Edoskitze baten ondoren hartu, berehala, eta hurrengo 8 orduetan, gutxienez, ez eman bularrik.
- Ulipristal: ez eman bularrik astebetez, eta, bularra ematen jarraitu nahi baduzu, esnea atera eta bota.
METODO HORMONAL KONBINATUAK
(ESTROGENOA ETA PROGESTAGENOA).Gehienetan, ez dira egokienak. Honela merkaturatzen dira: pilulak, baginako eraztunak eta partxeak.
Alabak eztula dauka! Semea eztulka ari da etengabe!
Eztula
- Arnas aparatuaren defentsa-mekanismo bat da, mukiak, karkaxa eta gauza arrotzak botatzen laguntzen duena.
- Gehienetan, ez da larregi kezkatzeko moduko sintoma izaten, eta batzuetan 21 egun ere iraun dezake.
Umeek eztul egiteari uzten ez diotenerako aholkuak
- Tabako-kerik gabeko airea arnastu arazi.
- Komunean lurruna egin, eta aire hezea arnastu arazi.
- Funtsezkoa da likidoak edatea. Mukiak eta karkaxa botatzen laguntzen du.
- Serum fisiologikoarekin egindako sudur-garbiketek sudurreko mukiak garbitzen laguntzen dute.
Botikak hartu behar al dituzte?
- Eztul akutu gehienak birusek sortutako katarroek eragiten dituzte. Eztul horientzat ez dago tratamendu berezirik; botikarik gabe sendatzen dira.
- Eztul akutuarentzat, gehienetan ez dago eztulkontrako botika, mukolitiko, espektoratzaile, antihistaminiko edo sudur-deskongestionatzailerik hartu beharrik, horien eraginkortasuna ez baitago frogatuta eta arriskuak handiagoak izan baitaitezke onurak baino.
...baina...pediatrarenera joan, baldin eta
- Gaixotasun kronikoren bat badu.
- Arnasa hartzeko zailtasuna badu (saihetsak markatzen dira eta bularrezurra hondoratzen da, txistuak entzuten dira arnasa hartzean, arnasketa oso azkarra eta asaldatua edukitzen da).
- Eztul-krisiak izaten baditu eta ezpainen edo aurpegiaren kolorea aldatzen bazaio.
- Sukarrak 3 egun baino gehiago irauten badu.
- Belarriko min edo zorne-jarioa badu.
- 10-15 egun baino gehiagoz eztula eta mukiak baditu eta horrek eguneroko jarduerak egitea eragozten badio.
Pediatrak esango du botikarik eman behar zaion ala ez.
Nola eman pomada oftalmikoak haurrei?
- 1.- Ezertan hasi aurretik, egon lasai, eta hitz egin haurrari goxo. Ez da urdurituko, horrela.
- 2.- Garbitu eskuak ondo, ur eta xaboiez, eta lehortu.
- 3.- Jarri haurraren atzean, eta bota iezaiozu burua atzeraka. Ahoz gora ere etzan dezakezu. Haurtxoa bada, bildu ezazu tapakitxo batekin, haren besoak eta hankak geldirik edukitzeko.
- 4.- Berotu pomada-hodia esku artean, hobeto zabal dadin.
- 5.- Kendu tapa ontziari, eta utz ezazu leku garbi batean.
- 6.- Esku batekin eutsi iezaiozu haurraren bekokiari, eta hatz txikiaren laguntzaz jaitsi leunki beheko betazala.
- 7.- Beste eskuarekin estutu hodia beheko betazalean sortu den hutsartearen gainean. Arroz-ale baten adinako pomada-kantitatea eman behar duzu.
- 8.- Biratu ontzia, hodiaren puntak begia ukitu gabe pomada askatzeko.
- 9.- Garbitu sobera dagoen pomada zapi garbi batekin. Itxi ontzia, eta garbitu berriz eskuak.
Bazenekien?
- Era horretako pomadak erabilita begiak itsaskor geratzen dira; batez ere, lo egin ondoren. Garbitu zapi heze batekin hondarrak, sudurretik abiatu eta kanpoaldera.
- Ontzia ireki eta hilabetera, baztertu egin behar da eta erabiltzeari utzi. Utzi farmazian.
- Hain umea ez bada eta nahikoa adin badu, pomada bere buruari jartzeko gai izan daiteke, laguntzarik gabe. i-botika fitxan, “Pomada oftalmikoak: ondo erabiltzen ikasteko zenbait aholku” izenekoan, ikasiko duzu nola.
- Eskerrak eman nahi dizkiogu Santi Mintegi Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Larrialdietako Zerbitzuko pediatrari gai hau aukeratu eta testua berrikusteagatik, bai eta egin dizkigun ohar eta iradokizunengatik ere. Eskerrik asko, halaber, Marivi Callejari eta Fátima Fernández-Gili eskaini dizkiguten argazki, azaldutako interes eta partaidetzarengatik.
Klikatu hemen bideoa ikusteko
Nola eman kolirioa haurrei
- 1.- Ezertan hasi aurretik, egon lasai, eta hitz egin haurrari goxo. Ez da urdurituko, horrela.
- 2.- Garbitu eskuak ondo, ur eta xaboiez, eta lehortu.
- 3.- Astindu ontzia, erabilera-orriak hala badio.
- 4.- Jarri haurraren atzean, eta bota iezaiozu burua atzeraka. Ahoz gora ere etzan dezakezu. Haurtxoa bada, bildu ezazu tapakitxo batekin, haren besoak eta hankak geldirik edukitzeko .
- 5.- Kendu tapa ontziari, eta utz ezazu leku garbi batean.
- 6.- Esku batekin eutsi iezaiozu haurraren bekokiari, eta hatz txikiaren laguntzaz jaitsi leunki beheko betazala.
- 7.- Heldu ontziari beste eskuarekin; jarri punta behera begira duela begitik ahalik eta gertuen, baina begia ukitu gabe.
- 8.- Estutu pixka bat ontzia tanta bakar bat eror dadin beheko betazalean sortu den hutsartera.
- 9.- Askatu beheko betazala, utzi begia kliskatzen, eta, berehala, kokatu hatz bat begi txokoan, eta estutu leunki.
- 10.- Garbitu sobera dagoen kolirioa zapi garbi batekin. Itxi ontzia, eta garbitu berriz eskuak.
Bazenekien?
- Haurra urduritzen bada eta begia ireki nahi ez badu, bota diezaiokezu tanta sudurretik gertuen dagoen partean, eta igurtzi leunki. Ez da hain eraginkorra, baino balio dezake.
- Hain umea ez bada eta nahikoa adin badu, kolirioa bere buruari botatzeko gai izan daiteke, laguntzarik gabe. i-botika fitxan, “Kolirioak ondo nola erabili” izenekoan, ikasiko duzu nola.
- Eskerrak eman nahi dizkiogu Santi Mintegi Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Larrialdietako Zerbitzuko pediatrari gai hau aukeratu eta testua berrikusteagatik, bai eta egin dizkigun ohar eta iradokizunengatik ere. Eskerrik asko, halaber, Marivi Callejari eta Fátima Fernández-Gili eskaini dizkiguten argazki, azaldutako interes eta partaidetzarengatik.
Klikatu hemen bideoa ikusteko
Heste-zizareek amorratzen...
Zer gerta daiteke?
Heste-zizareak esku eta azazkal zikinen bidez transmititzen diren parasitoak dira. Tratatzeko mebendazola (Lomper®) edo pirantel pamoatoa (Trilombrin®) parasitokontrakoak erabiltzen dira.
Familiako kide GUZTIOK hartu behar duzue, nahiz eta sintomarik ez izan.Si vais a tomar pirantel, la dosis se calcula en función del peso. Familiako kide GUZTIOK hartu behar duzue, nahiz eta sintomarik ez izan. Mebendazola, hartu behar baduzue, dosi bera hartu behar duzue GUZTIOK (haurrek nahiz helduek). Pirantela hartu behar baduzue, pisua hartzen da kontuan dosia kalkulatzeko. Bi dosi hartu behar dituzue, bi asteko tartean. 1. dosia. Hartualdi honekin heste-zizareak hil dira baina arrautzak ez!
Higiene-neurriak
Arrautzekin bukatzeko funtsezkoa da:
Egun berean botika hartu ondoren:
- 1. Familia osoa dutxatzea.
- 2. Izarak, barruko arropa eta lo egiteko arropa ondo garbitzea, tenperatura
- 3. Logeletako zoruak garbitzea.
Gainerako egunetan:
- 1. Higiene-neurriak ezin hobeto betetzea, bereziki eskuak eta azazkalak ondo garbitzea.
- 2. Goizean dutxatzea.
Eta ez ahaztu…
- ...bi aste igarotakoan bigarren dosia hartzea, arrautzaren bat bizirik atera eta heste-zizare bihurtu bada.
- Hori guztia betetzen baduzue, agur heste-zizareei!
- Esandakoa betetzen ez baduzue, berriro hasi beharko duzue.
ESKERRONEZ: eskerrak eman nahi dizkiogu Jose Ramón Hernaiz Barandiaran pediatrari (Aigortako Osasun Zentroa), testua zuzendu digulako, eta hain egokiak izan diren oharrak eta iradokizunak egin dizkigulako.
Antibiotikoak. Ez hartu zeure kabuz!
ANTIBIOTIKOAK: Denon onerako... Ondo erabili antibiotikoak!
Zer dira antibiotikoak?
- Bakterioak hil edota berauen haztea galarazten duten botikak dira.
- Gripea, hotzeriak, faringitis mota asko, otitisa, bronkitisa eta sinusitisa, esate baterako, birusek eragindako gaixotasunak dira. Ez dago, hortaz, antibiotikoen bidez sendatzerik.
- Zure medikuak edo dentistak, ez beste inork, erabaki dezake, beti ere zeu behatu eta gero, antibiotikorik behar duzun ala ez.
- Ez hartu inoiz antibiotikorik zeure kasa edota senideren edo lagunen gomendioz.
- Errespetatu beti agindutako dosia, ordutegia eta egun-kopurua.
- Hobeto bazaude ere, ez utzi inoiz tratamendua amaitu baino lehenago: bakterioak berriro aktiba daitezke eta infekzioari aurre egitea zailagoa izango da.
Kontrako ondorioak
- Kontrako ondorioak arinak eta iragankorrak izan ohi dira. Gehienetan: beherakoak, goragaleak eta okadak, onddoek eragindako baginako infekzioak, buruko mina, etab.
Antibiotikoak oker erabiltzearen arriskuak
- Beharrik izan gabe antibiotikoak hartzea edo tratamendua behar bezala ez betetzea zure kalterako ezezik, gizarte osoarentzako osasun-arazoa ere izan liteke: bakterioak erresistente bilakatzen baitira antibiotikoekiko eta, ondorioz, eraginik gabeak, infekzioen arriskua ugalduz eta larriagotuz.
Eta sobera geratzen bazaizu?
- EZ ERABILI BERRIRO, antzeko sintomarik izan arren.
- EZ GORDE.
- Farmaziara eraman.
Medikamentuak pediatrian: ez da jolasa! Ibuprofeno-jarabea, dosi egokian
Ibuprofenoa minari eta sukarrari aurre egiteko erabiltzen den printzipio aktibo bat da, baina parazetamola ez bezala, antiinflamatorioa ere bada.
Medikuak besterik agintzen ez badu, 6 HILABETE edo 7 KILO BAINO GEHIAGO DUTEN haurrei ematea gomendatzen da.
Kontzentrazioaren arabera, bi jarabe desberdin daude
Ibuprofeno-jarabeak kontzentrazioaren, hau da, bolumen berean dagoen ibuprofeno-kantitatearen arabera bereizten dira. Hala, %2ko edo %4ko kontzentrazioak daude.
Dosi egokia zein den?
Beste ezer baino lehen, begiratu jarabeak zer ibuprofeno-kontzentrazio duen, horren arabera, hartu beharreko kantitatea desberdina izango baita. Taula hauek lagungarri izango zaizkizu.
Pisua | %2ko Ibuprofenoa (8 orduan behin) |
Pisua | %4ko Ibuprofenoa (8 orduan behin) |
|
---|---|---|---|---|
7 kg | 2,4 ml | 30 kg | 5,0 ml | |
8 kg | 2,7 ml | 31 kg | 5,2 ml | |
9 kg | 3,0 ml | 32 kg | 5,3 ml | |
10 kg | 3,3 ml | 33 kg | 5,5 ml | |
11 kg | 3,7 ml | 34 kg | 5,7 ml | |
12 kg | 4,0 ml | 35 kg | 5,8 ml | |
13 kg | 4,3 ml | 36 kg | 6,0 ml | |
14 kg | 4,7 ml | 37 kg | 6,2 ml | |
15 kg | 5,0 ml | 38 kg | 6,3 ml | |
16 kg | 5,3 ml | 39 kg | 6,5 ml | |
17 kg | 5,7 ml | 40 kg | 6,7 ml | |
18 kg | 6,0 ml | 41 kg | 6,8 ml | |
19 kg | 6,3 ml | 42 kg | 7,0 ml | |
20 kg | 6,7 ml | 43 kg | 7,2 ml | |
21 kg | 7,0 ml | 44 kg | 7,3 ml | |
22 kg | 7,3 ml | 45 kg | 7,5 ml | |
23 kg | 7,7 ml | 46 kg | 7,7 ml | |
24 kg | 8,0 ml | 47 kg | 7,8 ml | |
25 kg | 8,3 ml | 48 kg | 8,0 ml | |
26 kg | 8,7 ml | 49 kg | 8,2 ml | |
27 kg | 9,0 ml | 50 kg | 8,3 ml | |
28 kg | 9,3 ml | |||
29 kg | 9,7 ml | |||
30 kg | 10,0 ml |
Hanka-sartzeak sahiesteko
-
Suspentsio-jarabe bat denez, ASTINDU ondo ontzia, xiringa kargatu aurretik.
MEDIKAMENTUAREN DOSIA NEURTZEKO ERABILTZEN DEN ESKALARI ERREPARATU
Xiringa batzuetan mililitrotan (ml) bakarrik ageri da neurria; beste batzuetan, berriz, mililitrotan eta kilotan (kg), haurraren pisuaren arabera. Ez nahastu eskalak
-
OHITU ZAITEZ jarabe bakoitza bere xiringarekin erabiltzen
Ez erabili jarabe batekin datorren xiringa beste batzuk hartzeko.
Oraindik ere zalantzaren bat baduzu, kontsultatu zure osasun-zentroan edo farmazian, edo irakurri erabilera-orria.
Parazetamola pediatrian
Parazetamola minari eta sukarrari aurre egiteko erabiltzen den printzipio aktibo bat da, pediatrian asko erabiltzen dena.
Eraginkorra da...
Segurua da...
...baldin eta DOSI
EGOKIA hartzen bada
Nola jakin nire seme-alabarentzat dosi egokia zein den?
Gomendatutako eguneko dosia, haurraren pisuaren arabera kalkulatzen da. 100 mg/ml parazetamol-jarabe bat hartzekotan (merkatuan ohikoena), dosifikazio-taula honi jarraitu:
Pisua | Parazetamola (6 orduan behin) |
Pisua | Parazetamola (6 orduan behin) |
Pisua | Parazetamola (6 orduan behin) |
---|---|---|---|---|---|
4 kg | 0,6 ml | 14 kg | 2,1 ml | 24 kg | 3,6 ml |
5 kg | 0,8 ml | 15 kg | 2,3 ml | 25 kg | 3,8 ml |
6 kg | 0,9 ml | 16 kg | 2,4 ml | 26 kg | 3,9 ml |
7 kg | 1,1 ml | 17 kg | 2,6 ml | 27 kg | 4,1 ml |
8 kg | 1,2 ml | 18 kg | 2,7 ml | 28 kg | 4,2 ml |
9 kg | 1,4 ml | 19 kg | 2,9 ml | 29 kg | 4,4 ml |
10 kg | 1,5 ml | 20 kg | 3,0 ml | 30 kg | 4,5 ml |
11 kg | 1,7 ml | 21 kg | 3,2 ml | 31 kg | 4,7 ml |
12 kg | 1,8 ml | 22 kg | 3,3 ml | 32 kg | 4,8 ml |
13 kg | 2,0 ml | 23 kg | 3,5 ml | 33 kg | 5,0 ml |
34 kilotik aurrera, 500 mg-ko parazetamol-konprimituak har daitezke.
Jarabea onartu ezean, parazetamol-supositorioak erabil daitezke.
Parazetamol-jarabeek beti dakarte kaxan tanta-kontagailu edo xiringa bat. Denak ere, egokiak dira dosia-neurtzeko.
Hanka-sartzeak saihesteko
-
MEDIKAMENTUAREN DOSIA NEURTZEKO ERABILTZEN DEN ESKALARI ERREPARATU
Xiringa batzuetan mililitrotan (ml) bakarrik ageri da neurria; beste batzuetan, berriz, mililitrotan eta kilotan (kg), haurraren pisuaren arabera.
Ez nahastu eskalak.
-
OHITU ZAITEZ jarabe bakoitza bere xiringarekin erabiltzen.
Oraindik ere zalantzaren bat baduzu, kontsultatu zure osasun-zentroan edo farmazian, edo irakurri erabilera-orria
Azken aldaketako data: