Europako Aste Berdearen baitan, Europako Batzordeak euskal LH aukeratu du, jardunbide egoki gisa, energia berdeari buruzko prestakuntzaren alorrean

Argitalpen-data: 

Europako Batzordeak Euskadiko LH gonbidatu zuen Bruselan antolatutako Europako Aste Berdearen europar foroan parte hartzera; bertan, Santurtziko San Jorge LHII Ikastetxeak ordezkatuta, energia berdearen arloan dituen prestakuntza- eta espezializazio-zikloak aurkeztu zituen, eta, zehazki, hidrogenoarekin lotutakoak. Halaber, San Jorge LHII Ikastetxeko ordezkariek topaketak izan zituzten euskal ikastetxe horren prestakuntza-moduluengatik interesatuta dauden europar erakunde batzuekin, garatu litezkeen europar proiektuetara zuzendutako lankidetzak bultzatzeari begira.

Europako Batzordearen ekimenez, eta Konpetentzien Europako Urtearen esparruan, europar instituzio horrek zenbait foro antolatu zituen Bruselan, Europako Aste Berdearen baitan, jasangarritasunaren eta energia garbien arloko konpetentziak bereziki nabarmenduz, eta, zehazki, Itun Berdearen europar Plan industrialean planteatutako erronkei erantzuteko eskatzen diren espezializazioak azpimarratuz. 500 pertsona inguruk parte hartu zuten foro eta eztabaidetan, eta aukera izan zuten San Jorge Ikastetxearen lana gertutik ezagutzeko; izan ere, Europako Batzordeak ikastetxe hori aukeratu du Europako bikaintasun-zentroak ordezkatzeko.

Horrekin batera, zenbait ekimen gauzatu ziren Bruselatik kanpo, eta horien artean azpimarratzekoa da “Trantsizio energetikoa, konpetentziak eta lan-aukerak Euskadin” izeneko mintegia, Bilbon egingo baita Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Sailburuordetzaren laguntzarekin antolatua.

Orain dela urte batzuk ere, Europar Batasunak Euskadiko LH eta TKNIKA aukeratu zituen hezkuntza-bikaintasunaren lider gisa, Europako Bikaintasun Zentroen sarean (CoVE-ak) parte hartuz eta europar instituzioekin eta Europako LHko bikaintasun-ikastetxeekin batera lan eginez, proiektu, lankidetza eta ekimen bateratuak bultzatzeko, berrikuntzari, lan-merkatuari eta hezkuntza-bikaintasunari ekarpena egiten jarraitzeko xedez.  Eusko Jaurlaritzako LHko Sailburuordetzak lankidetza estua du europar instituzioekin eta nazioarteko erakundeekin, eta Europako Batzordeak gertutik jarraitzen ditu Eusko Jaurlaritzak bultatzen dituen ekimen eta proposamen guztiak.

EIES - Europako Informazioaren Euskal Sarea