Honako arauekin lan egiten dut nire sortzaile eta dantzari jardunean: egon, ikusten utzi eta dagoenarekin egin. Zeregin zehatz eta minimo batetik, konpromisotik eta behin eta berriz ekitetik abiatuta, hainbat esanahi-unibertso zabaltzen dituzten bilaketa prozesuak interesatzen zaizkit.
Bi zatitan banatuko da tailerra. Lehenengoan hainbat sorkuntza prozesutan eta elkarlanetan bildutako ariketak partekatuko dira, lan egiteko eta eszenan egoteko modu baterantza garamatzatenak. Entzutean, haratagokoarekiko irekiduran eta hemen-ak duen sakontasunean ardaztutako proposamenak izango dira, eta baita ekintzarekiko, norberarekiko, besteekiko eta denborarekiko konpromisoan ardaztuak ere.
Zerbait sinplea egitearen konfiantza, ezagutzaz elikatzen gaituena eta poesia pizten duena.
Beroketa fisikoa, energetikoa eta egunerokoa egongo da, eta hainbat proposamen gero: entzutearekin eta bakarkako edo taldeko mugimenduarekin eta ekintzarekin lotutakoak.
Sorkuntzarako eta bidelaguntzarako estrategiak partekatzera bideratua izango da tailerraren bigarren zatia, eta parte hartzaile bakoitzaren prozesu koreografikoetarako tresna izan daitezkeen taldeko ariketen bidez burutuko da. Gure afektuen identifikazioarekin, egiten duguna enuntziatzeko dugun moduarekin eta gorpuzte eszenikoen bilaketarekin izango dute zerikusia.
NORI ZUZENDUA: Sorkuntza, mugimendu eta/edo koreografia prozesuetan aldez aurretik esperientziaren bat duten pertsonei zuzendua.
Ángela Millano (Gasteiz, 1987), koreografoa eta performerra.
UCMn filosofian lizentziatua (2010) da, Madrilgo RCPD Mariemman dantza garaikidean graduatua (2013), eta Praktika Eszeniko eta Kultura Bisualean Masterra (2012) du. Euskal Herrian, Madrilen, Lisboan eta Berlinen garatu du nagusiki bere ibilbide profesionala. Gorputza eta haren aukera fisiko, politiko eta poetikoak dira bere lanaren oinarrizko ardatzak.
2018tik aurrera, Asleep Images proiektua garatzen du Julián Pacomiorekin batera, non gorputzari, memoriari, artxiboari eta berridazketari buruz ikertzen duten, eta bertan murgilduta jarraitzen dute. La Señorita Blanco konpainiako kide da 2021etik, non eszenaren barruko paisaiaren nozioa esploratzen duen. Eta gaur egun, bakarkako bere proiektuekin jarraitzen du, hainbat artistaren proiektuetarako interpretatzaile, laguntzaile eta bidelagun izateaz gain.