Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak, Kultur Factory kultur agentziarekin batera, Donostian martxoaren 24tik 29ra egingo den "Crossover. Cultura de Series" jaialdiaren 8. edizioa aurkeztu du gaur goizean. Goizane Alvarez Kultura diputatuak eman du edizio berri honen xehetasunen berri, Isaac Palencia Gazteria eta Kultura Sustapenaren zuzendariak eta Patxi Presa Kultura Sustatzeko zerbitzuburuak lagunduta.
Alvarezek nabarmendu duenez, "zazpi edizioetan zehar, Crossoverrek 20 estreinaldi baino gehiago proiektatu ditu. Etengabe hazten ari den jaialdia da, eta Gipuzkoan ikus-entzunezkoen kultura sustatzeko eta garatzeko dugun konpromisoaren adibide argia da. Elías Querejeta Zine Eskola eta 'Diálogos de cineastas' zikloarekin batera, Crossover-ekin gure lurraldeko kultur eskaintza indartu nahi dugu. Ekipamenduen, jaialdien eta kultura-ekitaldien arteko lankidetza eta sinergia horrek sormen-trukerako eta kultura-aberastasunerako giro egokia sortzen laguntzen du".
Aurten ere, Crossover Koldo Mitxelena Kulturunean (Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa Komentuan du gaur egungo egoitza) eta Tabakaleran egingo da. Estreinaldi eta elkarrizketa ezberdinetan hainbat aurpegi ezagunek parte hartuko dute, hala nola, Arturo Valls, Ana Wagener, Carles Porta, Omar Ayuso, Sonsoles Ónega, Nacho Vigalondo, Ane Rot, Martin Urrutia, Ane Gabarain, Carlos Scholz eta Diego San José.