Segurtasun Saila

Euskalmeten arabera ekaina hezea izan da, eta tenperatura normalak izan ditu

Argitalpen-data: 


      Junio.jpg
  • Eguzki-orduak espero zirenak baino % 10-20 gutxiago izan dira
  • Prezipitazio-egunak normala dena baino gehiago izan dira, bereziki itsasertzean

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, ekaina hezea izan da eta tenperatura normalak izan ditu Euskadi osoan. Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa espero zitekeena baino baxuagoa izan da, eguzki-orduak, guztira, normala dena baino % 10-20 gutxiago izan baitira.  Gainera, prezipitazio-egunen kopurua batez bestekoa baino handiagoa izan da, bereziki itsasertzean.

Euskalmeten arabera, ekaineko batez besteko tenperaturak 18 ºC inguruan ibili dira itsasertzean, eta Arabako Lautadan, berriz, 16 ºC-ra hurbildu dira. Balio horiek 0,2 ºC-ko anomalia negatiboa adierazten dute 1991-2020 aldi normaleko batez bestekoarekin alderatuta. Euskalmeten estazio gutxi batzuetan ekaineko tenperatura minimoen errekorrak hautsi ziren, eta, esate baterako, hilaren 13an Roitegin -0,5 ºC erregistratu ziren eta hilaren 18an Andoainen 0,8 ºC. Hileko tenperaturarik altuenak hilaren 25ean neurtu ziren (San Prudentzio 33,9 °C; Zambrana 33,4 °C).

Hiriburuz hiriburu, Bilbok 146 eguzki-ordu izan zituen, Donostiak 187 eta Gasteizek 186. Gainerakoan, nabarmendu behar da ekaineko egun batean bakarrik, zehazki ekainaren 25ean, egon zela zerua garbi Euskadi osoan.

Prezipitazioei dagokienez, ekaina bereziki hezea izan da Gipuzkoako kostaldeko eskualdeetan, hala nola Urola Kostan eta Donostialdean, eta portaera normala izan du Arabako hainbat lekutan, hala nola Gaubean eta Arabako Errioxan. Prezipitazio gehien ohiko lekuetan metatu da (Eskas 247,2 l/m²; Oiartzun 194,4 l/m²).

Prezipitazio-egunen kopurua batez besteko klimatologikoa baino handiagoa izan da, batez ere itsasertzean, 14 euri-egun erregistratu baitira. Urte-sasoi honetan ohikoa den bezala, euria egin duenean zaparrada handiak bota ditu. Horrela, 7 egunetan euri-zaparrada mardulak izan ziren, eta kasu batzuetan prezipitazioen aurreko intentsitate-errekorrak hautsi ziren (Miramon 24,6 l/m² ordubetean, ekainaren 20an).

Muturreko meteorologiari dagokionez, ekainean Eusko Jaurlaritzak 8 abisu hori aktibatu zituen, horietako 6 prezipitazio handiengatik eta 2 nabigaziorako olatuen altueragatik lehenengo bi milietan.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)